Globalizazio prozesuaren ondorioz sortutako dinamika berriek, gizarte zientzien ikerketa izan diren arlo asko baldintzatu dituzte, era berean ikerketa arlo berriak sortuz, edo/eta berpiztuz. Lan zientifikoen eginbeharrak bideratzen dituen ezinbesteko elementutzat gizakia hartuz, Politika aldizkaria gaur egungo gizarte internazional honetan halabeharrezko interesa sortarazten duten aldagai desberdinetan sakontzeko asmoz sortzen da, gizabehar askoren ezinbesteko lokalizazioa kontutan hartuz
Politika. Gizarte Zientzien alorreko aldizkari bat da, sei hilabetetik behin argitaratua, eta harpidedun izateko aukera eskaintzen duena. Gai askeko ikerkuntza lanak onartzen badira ere, argitaratzen diren aleak, tematika zehatz bat errefentzia gisa hartuz koordinatuak izango dira. Zenbaki guztiak egituratzen dituen aria, globalaren eta lokalaren arteko ezinbesteko kontaktuen ondorioz sortzen diren dinamikei loturik doa. Hots, globalizazioaren ondorioz bizi ditugun dinamika berrien ikuspuntutik abiatuz, Gizarte Zientzien esparruan esanguratsuak diren alorrak aztertzea izango da helburu. Dinamika hauen konplexutasunak, berauek ikuspegi transdiziplinar batetik jorratzea eskatzen du gainera, berezitasun hauek ere kontuan hartuko direlarik.
Partehartze politikoa, nortasuna, gobernantza, globalizazio prozesuen ondorioak... etab., izango dira zenbaki desberdinen diseinuan printzipio errektore gisa mantendu nahi diren zenbait oinarri. Alabaina, aldizkariaren beste espazio bat, interesgarriak izan litezkeen beste ikerketei zuzenduko zaie. Gomendagarria litzateke idazkaritzarekin harremanetan jartzea artikuluen edukia adosteko. Edukiok argitalpen ezaugarriei egokituak egon beharko dute eta Zientzia Aholkulari Kontseiluaren onespena izan beharko dute. Beharrezkoa balitz beste kanpo ebaluatzaileengana joko litzateke.
Baina komunikazio proiektu honek, Elkarte Zientifikoarentzat garrantzitsuak irizten ditugun beste zenbait xede betetzeko asmoa ere badu. Ikerlari gazteen eranspena, eta zientzialari belaunaldi ezberdinen arteko elkarrizketa garatzea lirateke besteak beste gauzatu nahi ditugun helburuak, gure ahalbideen neurrian.